Martxoak azkena du gaur

IñurritzaUdaberrian sartu berritan, bart ordubete lo gutxiago eginda, martxoak zeresan ugari utzi digu aurten… Martxoaren 22an Uraren nazioarteko eguna ospatu zen, baina hilabete honetan ura bestelako protagonista izan dugu Zarautzen, Inurritzako dunak desegin baitizkigu. Argazkian lehen zena nola gelditu zaigun ikus dezakezue.

Garai batean, Gipuzkoako itsasertzean duna ugari izan bazen ere, orain arte dexente ongi kontserbatzen ziren bi genituen, Zumaia eta Zarauzkoak; Orio eta Saturraranen izan zirenen seinalerik topa daiteke, eta Hondarribia, Donostia eta Debakoak erabat desagertarazi ditugu, itsasoari berea zena janaz. Eta itsasoa, haserre, berea dena eskatzera datorkigu tarteka, eta aurten, jo eta jo aritu da, kostaldean txikizio ugari eraginaz. Uda parterako malekoia konpontzen nahikoa lan… Urolakostako Hitzak grabatutakotako bideoa ikusgai ondoko argazkian klikatuz gero… Denboralearen biharamuna

 

Advertisements

Planetaren Ordua: 2014/03/29

planetaren ordua
Beti dira erakargarri, edonora goazela ere, gauaren iluntasunean argituta ageri diren eraikin dotoreak: zubiak, dorreak, ate eta pasabideak… Atzokoan, ordea, argazkiek horiek itzaliko ziren unea bilatzen zuten. 150 herrialdetik gora egin zuten bart WWFen deialdiarekin, eta iluntasuna ederra izan zen. Alboko irudian klikatuz gero, batzuk ikusi ahal izango dituzu.

Parte hartu bazenuen, ZORIONAK!! Planeta zaintzeko gogoz dabilen jendea behar dugu, urgentzia handiz.

Itzali argiak, eta Planeta piztu!

Ikastetxean gaurko gogoetak Planetaren Ordua du hizpide. Azken urteotako herri ekimen garrantzitsu bilakatu zaigu hau, eta pixkanaka, gero eta instituzio gehiago atxikitzen zaizkio; dagoeneko mundu mailako ekintza bilakatzea lortu du WWFek duela zortzi urte ahoz aho Sidneyn zabaltzen hasi zena.
WWF 60+

Zarauzko Udalak ere, bihar, 20:30 eta 21:30 bitartean herriko eraikin esanguratsuenak iluntasunean murgilduko ditu, gure Planeta zaintzea guztion lana dela sinisten duela aditzera emateko. Eta zuk? Ordubetez argiak itzaliko al dituzu? Internet itzaliko al duzu? Eman arnasa Planetari!

Lorategi esekiak (2)

Ikastetxean beti bada mantenu lanen bat… Eta hainbeste trasteren artean, pale batekin egin genuen topo. Guretzako gordetzeko aukerarik ba ote zen galdetu eta, baietz esan zigutenean, berehala pentsatu genion funtzio berria.
Zur pusketa batzuk batetik kendu eta bestean kokatuz, edukiontzi dotoreak antolatu genituen; ongi garbitu, barniz pixka batez babestu, eta hezetasunak gehiegi honda ez dezan ohiala jarri ostean, landare batzuk sartu genituen bertan.Lorategi esekiak 2

DBHko pasabidean jarri dugu lehena, baina bidean dira dagoeneko beste bizpahiru… Polita, ez?

Rosenbaum, diseinua eraldaketaren mesedetan

Mundu zabalean Esta casa es una ruinaren bertsio ugari egin izan da; Lar doce lar horietako bat da. Ama eta bi alabari etxea txukundu zieten Sao Paulon, eta diru-iturri eskaseko familia izaki, laguntza gisa, etxeko pasabide estua baratza bilakatzeko ideia bururatu zitzaion Rosenbaum diseinu taldeari. baratza botilatanIdeia erakargarria izan zen oso, eta zoriondu zuten orori eskerrak emateko, Rosenbaum taldeak bere blogean norberak antzeko baratza bat sortzeko urratsak zeintzu ziren azaldu zuen. Ideiak partekatzea polita da, ez? Irudian klikatu, eta hortxe duzue haien esker ona, aurreko sarreran agindu bezala.

Udaberria heltzeaz batera, zuhaitzaren eguna

Zuhaitzaren eguna, lehen aldiz, 1805ean ospatu zen, Cácereseko Villanueva de la Sierran, Don Ramón parrokoak proposatuta. Ihaute asteartea zen, eta meza ostean, herriko guztiak bilduta makal bat landatu eta bazkari herrikoia antolatu zuten; inguruetako herrietara antzeko ekitaldiak egitera animatzen zituen manifestua bidali zuten, jai giroan, ingurumena zaintzeko gonbidapena luzatuz.

1840an, Suedia izan zen zuhaitzari instituzionalki egun bat eskeintzea deliberatu zuen lehen herrialdea; pixkanaka hau ere herrialdez herrialde zabaltzen joan zen, 1971an FAOk guztiontzako Zuhaitzaren eguna data bati lotzea erabaki zuen arte: martxoaren 21a, ipar hemisferioan udaberriaren hasiera, hego hemisferioan berriz udazkenarena.  Egia esan, herrialdeen arabera data aldakorra dela esan behar dugu, leku bakoitzak klimari erreparatu eta hazi berriei baldintzarik egokienak eskeintzeko saiakera egiten duelarik.

Wangari MaathaiWangari Maathai ekarriko dugu gaur gogora, Gerriko Berdea mogimeduaren sortzaile izan zen Nobel saria. Basamortua etengabe zabaltzen ari da Afrikan, eta landarez osatutako gerriko batez itxi nahi diote bidea. Senegal, Mauritania, Mali, Burkina Faso, Niger, Nigeria, Txad, Sudan, Eritrea, Etiopia eta Djibutu zeharkatzen ditu gerriko honek, 7100km luze, bataz beste 15km zabal.

Bere lanaren berri ematen duen komikia duzu Hazien bidaia.